Manifestua
Biarte baserritik Jurdan baserrira doan estrada herri bidea da: baserri eta etxeetara iristeko, paseatzeko, elkarrekin topo egiteko. Arribe-Atalluko herritarrok bidea zaindu nahi dugu, eta zaintzeko modua ere aukeratu nahi dugu.
Guk ere estrada egoera onean nahi dugu. Ez gaude konponketen aurka: bideak konponketak behar ditu, eta egin behar dira, erabiltzen dugun guztion eguneroko beharretarako.
Estradak bere izaera gorde behar du. Naturaz inguratutako lur-bide bat da, eta horretan datza bere balioa. Posible da bidea konpontzea bere izaera galdu gabe, eta irisgarritasun nahikoa mantenduz.
Alternatibak badaude. Bide-ingeniaritzan adituek diotenez, gaur egun ez dira horrelako landa-bideak zementuz estaltzen, ibilgailu astunen trafiko etengabea edo uraren higadura eragiten duen malda handia dagoenean izan ezik. Ez da estradaren kasua.
Herriaren dirua neurriz erabili behar da. Proiektuak 600 metro zementuz estaltzea aurreikusten du (1.160 m²), 75.580,75 euroren truke eta dirulaguntzarik gabe. Inbertsio horrek kontzejuaren altxortegia baldintzatuko luke.
Halako erabakiak herriarekin hartu behar dira. Tamaina honetako proiektu batek gardentasuna eta eztabaida lasaia merezi ditu, presarik gabe.
Horregatik, sinatzen dugunok Arribe-Atalluko kontzejuari eskatzen diogu:
- Estrada berritzeko zementurik gabeko alternatibak azter ditzala.
- Proiektua gardentasunez parteka dezala herritarrekin eta erabakitzeko aukera eman dezala.